Dena taldearen disko berria: Anabasa, portutik mundura
Ondarroako hirukoteak badu berriro zer kontatua. Urte eta erdiko geldialdiaren ondoren, Dena taldeak bere hirugarren disko luzea kaleratu du: Anabasa. “Zure Mugadun Hutsune” bigarren lanaren osteko bideari jarraituz, baina beste sakontasun batekin, Beñat Eizagirre, Xabat Ituarte eta Unai Aretxabaletak lekuen inguruko bidaia musikala proposatzen dute.
Diskoak portua du eszenatoki nagusi, “Anabasa eremua” filmari keinu eginez: jendea badoan eta datorren tokia, gurutzagunea. Anabasak leku aurkituak eta galdutakoak, hartzen ditugunak eta kentzen dizkigutenak, norbereak eta besteenak jorratzen ditu. Etxetik alde egin nahi izatea, leku berera itzultzea edo norbera erbeste sentitzea… dena sartzen da anabasaren barruan.
2024ko abuztutik azarora bitartean Karlos Osinagak grabatu, ekoiztu eta nahastu du diskoa Bonberenean (Tolosa), eta berak masterizatu ere bai. Bonberenea Ekintzak eta Betepaeta bidez argitaratu da. “Lur Azpitik” kantuan Leire Olariagaren ahotsa entzun daiteke, eta baxuan Beñat Bidegainen lekukoa hartu zuen grabazioaren ondoren.
10 kantako tracklistak —Nor bere lekuan, Aterperik ez edo Leku berean bezalako izenekin— argi uzten du mezua: denok gabiltza gure lekua bilatzen. Entzun eta aurkitu zurea.
