Zure erritmoa ezagutu: DJ ikastaroa Donostiako Kontadoresean


Musika gustatzen zaizu eta zure doinu propioak sortzen ikasi nahi dituzu? Donostiako Kontadores Gazte Zentroak DJ ikastaroa antolatu du.


Azaroaren 14tik abenduaren 5era bitartean, ostiralero 18:00etatik 20:00etara, Kontadoresek DJ ikastaroa eskainiko du DJ Siwanabaren eskutik. Bere festetan Karibeko eta Latino erritmoak iraganeko klasikoekin uztartzen dituen artista honek ikuspegi berezia dakar: musika ez da soilik soinua, baizik eta komunitateak batzen dituen espazioa

Ikastaroan zehar, parte-hartzaileek musika nola aurkitu, deskargatu eta antolatu ikasiko dute, baita Rekordbox programaren eta Pioneer FLX4 kontroladorearen oinarrizko funtzioak erabiltzen ere. Lehen nahasketak egiteko aukera izango dute, eta, batez ere, DJ izateak zer esan nahi duen hausnartuko dute: musika partekatzeko eta identitatea adierazteko bide bat dela ulertuz.

Helburua argia da: gazteok gure gustuei balioa ematea eta musika bidez adierazteko tresnak eskuratzea. DJ Siwanabak, gainera, ikuspegi sozial eta kulturala txertatuko du, komunitate migratzaile, arrazializatu eta kuirrek sortzen duten musika-aniztasuna ardatz hartuta.

Plazak mugatuak dira —10 pertsona gehienez—, eta bigarren saiorako USBa ekartzea gomendatzen da, nahiz eta ez den derrigorrezkoa. Musikaz gozatu, ikasi eta zure erritmoa deskubritu Kontadoresean!

Erlazionatutako sarrerak