Abian da VillaSoundBilbao jaialdia

VillaSoundBilbao lehiaketaren helburua da 16 eta 35 urte bitarteko musikarien lanak ezagutzera ematea. Edizio honetan 123 taldek eta bakarlarik eman dute izena, 87 talde Bizkaikoak dira; 20 talde Gipuzkoakoak; 10 Nafarroakoak eta 6 Arabakoak.

Jaialdiko arduradunek 12 talde eta bakarlaria aukeratu dituzte lehiaketan parte hartzeko. Horiek martxoaren 21etik apirilaren 11ra bitarteko ostiral guztietan arituko dira VSB Festen, Bilborocken, 20:00etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da leku guztiak bete arte. Aukeratutako musikariek VSB MENTORING prestakuntza-programan parte hartuko dute. Gai hauei buruzko prestakuntza jasoko dute: Booking, kontzertuak eta birak (Musika Bulegoaren eskutik), Jabetza intelektuala eta Egile Eskubideak (SGAE Fundazioaren eskutik) eta PR & Komunikazioa edo Produkzioa. Kontzertu-fasearen ondoren, epaimahaiak horietako 6 aukeratuko ditu mentoring pertsonalizatua eta estudioko saio bana emateko. Maiatzean eta ekainean izango dira.

Bestalde, maiatzaren 3an Bilborock-en VSB Sariak ekitaldia egingo da. VSB25 TOURRA zein taldek edo bakarlarik egingo duen iragarriko da bertan. 4 kontzertuko bira izango da, estatuko hirietan, Son Estrella Galicia zikloaren barruan. Era berean, babesleek (Musika Bulegoa, SGAE Fundazioa edo BIME) emandako gainerako aipamen eta sarien berri emango da.

Lehiaketara aurkeztutako musikarietatik, 49 emakumeak dira (% 13,3). Kantuetan erabilitako hizkuntzei dagokienean, gaztelania da nagusi (taldeen % 62k darabil), eta ondoren euskara (% 56), eta gero ingelesa (% 32). Izena eman duten kideen batez besteko adina 26,5 urtekoa da.Aukeratutako talde eta bakarlariei dagokienez, 8 Bizkaikoak dira, 3 Nafarroakoak eta 1 Gipuzkoakoak.

Honako hauek dira aukeratutako taldeak:

  • Marmitako Trap Banda (Bizkaia)
  • Reeler (Bizkaia)
  • Maddi  (Nafarroa)
  • Hondora (Gipuzkoa)
  • Goodbye Keppler (Bizkaia)
  • Antimeta (Bizkaia)
  • Mexin (Bizkaia)
  • Garraio (Bizkaia)
  • Kbless (Nafarroa)
  • Alen Malva (Bizkaia)
  • Hartzak Zeruan (Nafarroa)
  • Aizoo (Bizkaia)

Erlazionatutako sarrerak