Balu eta Udatxo artista gazteek sortu dute 2025eko Azokaren kartela
Balu eta Udatxo artista gazteek sortu dute Durangoko Azokaren 2025eko edizioa iragarriko duen kartela. Hartzea ematea DA! lelopean ospatuko da Azoka 59. urtez, abenduaren 5etik 8ra. Hain zuzen ere, leloak adierazten duen ideia irudikatu nahi izan dute kartelaren egileek.
Aurtengo kartela erabat berritzailea da. Batetik, bi artistaren arteko elkarlanetik sortu da. Horrez gain, sorkuntza-prozesu bereziaren emaitza da: geruza ugariko artelan bat sortu, eta pieza hori kartelean integratu dute.
“Eskulana da guretzat garrantzitsuena, eskuak baitira gure eguneroko tresna”, aipatu du Udatxok. Bera muralista eta margolaria da. Balu, berriz, artista multidisziplinarra.
Collage erako lanean, euskal kulturaren erreferentzi diren irudien eta azokako aurreko edizioetako kartelen zatiak itsatsi dituzte; atzoko sormenetik hartuz, gaurko artelan berri bat emateko. Izan ere, Durangoko Azoka trasmisio horren erakusle ere bada.
Kartela sortzeko prozesuan ari zirela, ezusteko aurkikuntza egin zuten: “Kasualitatez, nabaritu genuen kartelaren forma bihotz batena zela, eta hasi ginen solasten bihotzak ere hartu-eman bat duela, odola gorputz guztira garraiatzen”, azaldu du Baluk aurkezpenean.