Bilboko Udalak ‘Green Sormena’ programa sortu du

Bilboko Udalak aukera berri bat jarri du abian Bilboko gazteentzat, “Green Sormena –  Artea, teknologia eta jasangarritasuna” ekimenaren bidez, “Konekta Ideiak” programaren esparruan.18 eta 35 urte bitarteko gazte bilbotarrak arlo horietara esperientzia teoriko eta praktiko batetik hurbiltzera animatzea da ekintzailetza sustatzeko udal programa honen helburua.

“Green Sormena – teknologia eta jasangarritasuna” urriaren 22an hasiko da, La Perreran aretoan, Talk&Show bat eginez. Bertan, performanceak, hitzaldi ireki bat eta soinuak egongo dira proposatutako gaiaren inguruan. Zenbait artistak parte hartuko dute: Ce Pams, itsasoko olatuak hurbilduko dizkiguna; Ra Asensi, poesia eta gorputza, teknologiak eta natura elkartuko dituena, eta Efe Ce Ele, material biologiko eta begetala baliatuz zuzeneko musika eta bisualak sortuko dituena.

Ondoren, azaroan, 3 Lab garatuko dira, artistek eta profesionalek gidatuta, beren lanak eta prozesuak partekatzeko eta nola gauzatzen dituzten erakusteko.   Laborategi horiek guztiak doakoak dira, aldez aurretik izena emanda, eta La Perreran egingo dira: azaroaren 9an (10:00-13:45), Fungical Language: mintzaira fungikoaren hastapenak; azaroaren 16an (10:00-13:45), Imajinario jasangarriak adimen artifizialarekin; azaroaren 30ean (10:00-13:30/17:00-19:00), Guerrilla Mapping-Videomapping jasangarria.

Azkenik, deialdi irekia egingo da artearen, teknologiaren eta jasangarritasunaren arloan lan egiten duten proiektuetarako.  Proiektuak aurkezteko epea urriaren 28tik abenduaren 1era bitartekoa izango da, inprimaki baten bidez. gazteria@bilbao.eus helbidera bidali beharko dira. Epaimahaiak bi proiektu aukeratuko ditu aurkeztutakoen artean. Hautatutako ekimenei banakako laguntza emango diete Estudio Gheada estudioko profesionalek 2025eko apirilaren erdialdera arte, eta mentoringa, erreferentziak eta sektoreko profesionalekiko harremana eskainiko dizkiete. Gainera, Bilboko Udalak gehienez ere 3.000 euro bideratuko ditu proiektu bakoitzeko, ekimena garatzeko, jardueretarako eta materialetarako, besteak beste.

Erlazionatutako sarrerak