Bengo-k single berria aurkeztu du

Aitor Bengoetxea BENGO musikari oiartzuarrak ‘Ez da betiko‘ single berria aurkeztu du plataforma digital guztietan, ,bere lan berria izango denaren bigarren abestia. Aurreko guztiarekin hausten du abesti berriak eta, ‘Beste Behin’ singlearekin batera, etapa helduago eta pertsonalago baten hasiera da.

Julen Aduriz produktore gaztearekin batera eta Yeray Lizarazurekin lankidetzan, egoera zaila bizitzen ari den pertsona baten istorioa kontatzen du Bengok. Denbora luzez jasaten ari den zurrunbilo emozional baten ondorio da protagonistak orain duen egoera, eta badaki, lehenago edo beranduago, aurre egin beharko diola zurrunbilo horri.

Aurreko lanak bezala, ‘hiriko generoaren’ barruan koka daiteke Bengoren disko berria. Eñaut Gaztañagak nahastu eta masterizatu du “Ez da betiko”, Gaztain Estudioetan (Zestoa). Bideoklipa, berriz, Rita Gratacósek (Bartzelona) zuzendu eta editatu du, eta Orion eta Oiartzunen grabatu dute (Gipuzkoa).

Erlazionatutako sarrerak